Home » 2010/2011, Featured, kaiera, kronikak, Literatura Eskola

Becketten esperoan

2 January 2011 No Comment

Beckett-en esperoan egon gara Literatura Eskolan, bi egunez Oreretako Mikelazulo kultur elkartean. Zorionez ez da azaldu, baina haren lanak bidali dizkigu, absurdurik kritikoenaren oihartzunak piztearekin batera.

Egun biko Eskola izan da abendukoa.

18an Eta Karmele? antzezlana eskaini zuten Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek. Karmele ez da Godot, baina haren esperoan egoteak absurdua ekartzen digu gogora. Barre egingo duzu Karmeleren zain, kezkatuko zara, hunkituko zara. Samara Veltek idatzi zuen orain bi urte testua, aktoreen bulkadekin elkarlanean, eta Euskal Herriko plaza ugaritan eskaini dute jada.

Bezperako antzezlana izan zuen gogoan Beñat Sarasola akuilariak larunbatean, Becketten lana eta batez ere absurduari loturiko testuak aztertzerakoan. Samuel Beckett. Signifier? Nous, signifier! (Rire bref) izenburu luze eta ez ohikoa jarri zion saioari. Maisuki gidatu gintuen bertaratutakook eskolaren lehen atalean, Samuel Becketten biografian, bibliografian eta zentzuz beteriko absurduan.

Literatura Eskola Mikelazulon

Beckett-en idatz-bilakaeraren berri izan genuen: bere ibilbidearen hastapenean James Joycek harengan zuen itzala, narratibako trilogia ezagunaren heldutasuna (Molloy, Malone Dies eta The Unnamable), literatur-hizkuntzaren aldaketa ingelesetik frantsesera ‘Beckett-ek esaten zuen estilorik gabeko idazkera lehorra lortu nahi zuela’. Euskaldunoi hizkuntzarekiko harreman hautsia arrotza, kontraesankorra egiten zaigu, agian horregatik izan ziren ugariak eskolakideen aldetik parte hartzeak, galderak, iruzkinak. Hizkuntza aldaketarekin lortu zuen Beckett-ek Joycetik aldentzea, ‘estilorik eza estilo bat da, baina frantsesa ez zuenez ingelesa beste kontrolatzen bai lortu zuen antzerkian linguistikoki konplexuak ez diren esaldiak nabarmentzea. Bere antzerkian konplexutasuna beste leku batean dago’.

Absurduarena historikoki hainbat egileren lana biltzeko asmatu den etiketa bada ere, badira Harold Pinter edo Eugene Ionesco bezalako egileek Beckett-ekin konpartitzen dituzten ardatzak, ezaugarriak: elkarrizketen bihurritzea, azaleko sinpletasunean dagoen sakoneko konplexutasuna, etenen eta isiluneen garrantzia, ustezko argumentuan egon daitezkeen ezusteko birak, saltoak, guztiz zentzugabeak diren zatiak… Becketten kasuan gainera definitu gabeko espazioak, pertsonaia gutxiko obrak. Godoten esperoan antzezlanarekin arrakasta ezagutu zuen Beckettek, egungo antzerkigintzan ere suma daiteke haren itzal luzea.

Eskolaren bigarren atalean bere antzezlanetan oinarritutako bideoak ikusi eta komentatu ahal izan ziren. Irudiek sortutako eztabaidak luze jo zuen. Sarasolak azaldu zuenez Beckett azken idazle handitzat jo izan da, literatura kale itsu batera eraman zuelako ‘Beckett-entzat artistaren eremua porrotarena da, baina hala ere asko idatzi zuen beti: idazlearena porrota izanik ere, paradoxa hori adierazten saiatu zen behin eta berriz, literarioki ez baitzen sekula isildu’.

Honela bukatzen da, hain zuzen ere, aipatu trilogiako azken liburua: ‘Aurrera egin behar duzu. Ezin dut aurrera egin. Aurrera egingo dut’.

Hauexek ikusi eta komentatutako bideoak:

Rough for Theatre 1

Rough for Theatre 2

What Where 1

What Where 2




Leave your response!

Add your comment below, or trackback from your own site. You can also subscribe to these comments via RSS.

Be nice. Keep it clean. Stay on topic. No spam.

You can use these tags:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This is a Gravatar-enabled weblog. To get your own globally-recognized-avatar, please register at Gravatar.