Home » Literatura Eskola

Queer literaturaz Donostian

13 April 2011 No Comment

king kong neskaibon egaña eta iratxe retolaza

Martxoaren 18an, ostiralez hasi ziren Literatura Eskolaren martxoko ekitaldiak Donostian, Josune Montonek antzeztutako King Kong neska bakarrizketarekin. Zortziak aldean igo zen tabernako eszenatokira, takoi handien gainean eta poltsan zeramatzan objektu askotarikoen konpainian (gurpildun dildoak, ezpainetakoak eta beste). Egiako Le Bukowski aretora bertaratutakoak ez zituen indiferente utzi Virginie Despentes-en testuaren moldaketak, hasierako barreak pixkanaka gutxitu eta izoztu ziren, tarteka atzera agertzeko. Emakume-tipologia askotarikoa disekzionatu zuen Monzonek, amorrutik, irreberentziatik eta umoretik. Laburra bezain indartsua, gehiagoren gogoz geratu ginen bertara hurbildutako asko.

Queer teoria eta praktiketan azken urteotan erreferente da Virginie Despentesen testua; eta erreferente nagusi horien errepasoarekin ekin genion Literatura Eskolako bigarren saioari, larunbat goizez Ernest Lluch kultur etxean. Hamabost bat lagun batu ginen, Ibon Egaña eta Iratxe Retolazaren eskutik literaturari queer kokaleku batetik begiratzeko asmoz. Queer teoria eta mugimenduaren sorreraz eta jatorriez mintzatu zen lehenik Ibon, mugimendu hori ekarri zuten krisiak aztertuz: HIESaren krisia, feminismoaren krisia edo birformulazioa eta gay mugimenduaren krisia, nagusiki.  1980 eta 1990eko hamarkadetan egindako planteamendu berri horien ondorioz gaurko ikuspegitik “queer” izenda dezakegun mugimendu eta teorizazio-sorta garatu zela azaldu zuen, baita teorialari nagusien ekarpenak laburtu ere.

Genero eta sexu-banaketa binarioari egindako kritika izan da queer mugimenduaren ekarpen garrantzitsuetako bat, eta hain zuzen, generoaz literatura-irakurleok hartzaile gisa ditugun aurrejuzku eta aurreiritziak azaleratu genituen, ondoren, hainbat ipuin laburren irakurketaren bidez, Iratxe Retolazak gidatuta.  Genero-markarik gabeko testu horietan irakurleok txertatzen ditugun genero-irudikapenak azaleratuz, irakurle gisa egin ohi ditugun interpretazioak, bistaratu ziren hala. Ondoren, queer begirada esplizituki testuan errepresentatu duten hainbat egileren testuak izan genituen irakurgai, tematikoki ez ezik formalki ere lekune hori markatu izan duten lanak: Gloria Anzaldua, Pedro Lemebel, Monique Wittig edo Itxaro Bordarenak.

Euskal literaturara egin genuen jauzi ondoren, egile eta gai zenbait hizpidera ekarriz. Lehenik, queertasunaren eta naziotasunaren arteko harremanez jardun genuen, Itxaro Borda eta Juanjo Olasagarreren eleberriak hizpide hartuta. Komunek generoa erreafirmatzeko espazio gisa duten garrantziaz aritu ginen ondoren, Uxue Apaolaza eta Beatriz Preciado ondoz ondo jarrita. Amaitzeko, literaturatik dantzara egin genuen eta Kukai-Ttanttakak Hnuy illa ikuskizunean Sarrionandiaren poesiaz egindako irakurketaz aritu zen Iratxe, testuaren berrinterpretazioarekin batera proposatzen duten genero-berrirakurketan arreta jarrita.

Ordubietan, puntual baino puntualago, amaitu zen saioa.

Leave your response!

Add your comment below, or trackback from your own site. You can also subscribe to these comments via RSS.

Be nice. Keep it clean. Stay on topic. No spam.

You can use these tags:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This is a Gravatar-enabled weblog. To get your own globally-recognized-avatar, please register at Gravatar.