Home » 2010/2011, Featured, kronikak, Literatura Eskola

Jose Luis Otamendi eta Mitxel Sarasketa kartzela eta literaturaz

16 February 2011 No Comment

gartzelako literatura, Donibaneko gau eskolan
Gutun bat zuentzat

Aupa Oier!
Aurrekoan, Donibane Lohitzunen batu ginen, Literatura Eskolaren aitzakian kartzelaz aritu ginen berbetan. Espetxean sortutako liburuak izan genituen esku artean, hizpide. Eta goiza eskaini genion giltzapean sortutako letra eta esperientziei. Goiz atsegina izan zen.
Kartzelan egondakoak, kartzeletara bisitan joandakoak eta kartzelaz ezer gutxi dakigun batzuk batu ginen, lagun artean.
Beti egin ohi dugun moduan, hizlariak genituen gonbidatu. Jose Luis Otamendi idazleak batez ere Jokin Urain presoaren sorkuntzaz aritu zitzaigun, espetxean 25 urte bete dituen idazlea da Urain. Hitzaldiaren egunean, 9168 egun preso.
Azken 20 urteotan hainbat liburu eder argitaratu dituena, eta den denak aztertu genituen irakaslearekin.
Ostean Mitxel Sarasketak, espetxean 20 urte eta 7 egun emandako lagunak, kartzelan idaztearen esperientziaz mintzo zitzaigun. Anekdotak, egoerak, kontaera politak ekarri zituen hizpidera. Bien solasarekin, eta bertan batu ginenon jakinminarekin, ba al dago espetxeko literaturarik? itaunari, erantzun politak bilatu genizkion.

Otamendik, Jokin Urainen lehen liburuetatik hasi zuen bere hitzaldia, Izaian, Adlotse, Gatibu sortu nintzen… Errotarria. “25 urte bete ditu Urainek espetxean, eta berak ateratzerik ez badu ere, bere lanek argia ikusi dute; kalean, liburutegietan, etxean”. Kartzelan egindako literatura da, bertan egin baita idazle egilea bera ere. Eta lehen liburuetan autofikzioa -orain horrenbeste aipatzen den hori- da nagusi Urainen obran. “Non amaitzen da fikzioa? Non hasten da errealitatea?” galdetzen digu Otamendik, izan be subjetua eta objetua asmatzea ez da erraza. Preso idazlea da Jokin Urain, idazle presoa.
Denbora
Kontzeptu ezberdinak landu genituen solasaldian. Gorrotoa izan zen bat. Testuinguruan ulertu behar dena, espetxeko errealitate gordin eta gogorrean, indarra hartzeko, berean jarraitzeko, posizioei gogoa. Oskolgintza aipatu zigun hizlariak. Ulertu genion, azala gogortzearena. Trikuaren ezpatak, marraskiloaren aterpea. Barruan gorde beharra.
Denboraren adierak, lotura berezia dauka espetxearekin. “gure pausuek neurtzen digute denbora, itxaropenarena da, batez ere, gure denbora” irakurri zigun ostera Otamendik. Bezperan espetxetik heldutako gutunaren pasarteak irakurri zizkigun beranduago, isilik entzuten genuen guk. Eta berba bakoitzak oihartzun berezia egiten zuen gau eskolako gela hartan. “Askatasunaren orduan, bat egitera iritsiko dira barruko eta kanpoko denborak”. Baietz egiten genuen buruagaz, baietz, bat egingo dutela denborek, pertsonek… eta ametsek.
Ametsa
Ihesarekin batera, behin eta berriro errepikatzen den ideia. Asmoa. Gogoa. Ametsa baita ihesa bera. Amets egitean, askatasuna dastatzen delako edo. Baina, “iratzarri naizenean alde guztietara so egin dut… loaldiaren osteko ikuskizunak, beti ez dira atseginak izaten”. Kartzelako literaturaren lege orokorra da hori, amets egin, esnatzean berriz amesgaiztora bihurtzeko.
ametsek egiten dute ihes

presoa esnatzean presoa kartzelan utzita

esnatzea kartzelara itzultzea da

presoak ametsezko errealitatean esnatu nahi du
Ihesaren ametsa, zer esango dizuegu zuoi?! Baina kontatze horrek ekarri du haria. Ihes egin gura horrek, sortu du amets hori letretara hurbiltzea. Zinezko amets ezin duenak, balizkoa du ihesa. Kontatzea da kontua. Eta kontakizun horrek, arintzen du egoera batetik, eta ematen du egoeraren berri ere bestetik. Irakurtzeko baita kontatua.
“Hitz bakoitza pausu bat da” diosku Otamendik, eta eskutitzak hartzen ditugu horrela hizpide. Egiteko dagoela presoen eskutitzen liburua ere. Beste herri batzuetan eskutitz liburu ederrak argitaratu direla, gurea egiteko dagoela. Kontalari trebeak daudela lau hormen artean, paperari letra gehitu… eta kontakizun ederrak egiten dituztenak. Egiteko dugu hori ere…

Mitxel Sarasketak, Urainen azken liburua Ez dago etxean, espetxea eta literaturaren arteko erreferentzia bilakatu dela esanez hasi zuen mintzaldia. Beste erreferentzia handia berriz, Joseba Sarrionandiaren obra da. Eta ametsaren irudia hartu zuen berak ere, “preso baten ametsa iraunkorra da, iritsiko da eguna pentsatuz, amets edo burruka baten barruan; ez da egun batetik bestera zapuzten den esnatzearen irudia”. Eta amets horrek mantentzen du presoa bizirik, gogotsu, egunerokoari heltzeko moduan.
Eta kartzelako kontakizunak oro, lagun artera ekarri zituen Sarasketak. Espetxe bateko liburutegia, besteko euskalduntze ikastaroak, literaturaz berba egiteko patio orduak, ziegako bakardadea, zomorro bat lagun egin arterainoko egoerak..
Euskal presoek, Mendez Ferrin idazle galegoarekin ere topo egin zuten espetxean. Haren aipu bat eskaini zigun Mitxelek: “fantasia, preso iraultzailearen arma da, bere bakardadean helburu iraultzailearekin bidea kideekin egoteko modua ematen du”. Eta aitortzen digu zelan isolamendu egoeretan, sortu den idazlea. Eta idazleak bere mundua topatzen du horrela. Gogoan du Sarasketak, zelan Sarrionandiari adarra ere jotzen ziotela preso lagunek, -zure munduan bizi zara! aurpegiratuz. -Baina ni hemen nago, zuek bezala erantzuten zien iurretakoak.
Hor zaudete, oraindik. Zuen mundua geure egiten, testu, idatzi, poema, liburu, kontakizun ezberdinekin. Eta idazten, irakurtzen jarraitzen dugu.


Gutun galduak

Euliek zeldetako ispilu tipiak
zikintzen dituzte.
Egunak galtzen ditugu, oskorriak
bere kolore arauak galtzen dituen bezala.
Harresien bestaldean etxe batzu
desdefinitzen dira.
Artean, balioen erlatibitateaz ez,
balioen fatalitateaz
mintzo gara.
Haizeak bere delirioa arrastatzen du
mundua den eskuizkribu
irakurgaitzaren gainean.
Eta gure gutunak ez dira sekula iristen:
Helbideko kaleraino ailegatzean
karteroa, taberna morera sartu, mozkortu
eta gutun guziak galtzen ditu.

Joseba Sarrionandia, Gartzelako poemak

Leave your response!

Add your comment below, or trackback from your own site. You can also subscribe to these comments via RSS.

Be nice. Keep it clean. Stay on topic. No spam.

You can use these tags:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This is a Gravatar-enabled weblog. To get your own globally-recognized-avatar, please register at Gravatar.