Home » 2010/2011, Featured, Literatura Eskola, kaiera, kronikak

Laboaren hitzak, edo hizkuntzak

13 Azaroa 2010 No Comment

Mikel Laboaren hizkuntzak izeneko eskola eman zuten Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguezek pasa den larunbatean Tolosako Bonberenean.

Hizlari biek Mikel Laboaren lanak hitzarekin zuen harremana aletu zuten, bere musika kokatzeko erreferentzialak izan daitezkeen kantak entzuteko aukera emanez. Mintzaldiaren hastapenetik eztabaidarako tartea egon zen eta eskolakideen iritziekin bat eginez egin zuen aurrera saioak. Lehen zatian galdera batek piztu zuen batez ere eztabaida: zergatik iraun du Mikel Laboaren kantagintzak, musikagatik ala hitzarengatik?

Ibon Rodriguezek hasieratik azaldu zuenez beraiek arreta handiagoa jartzen diote musikari hitzari baino, eta horregatik erabaki zuten hain zuzen ere saioari Mikel Laboaren hizkuntzak titulua jartzea, eta ez hitzak ‘berak letrarik idatzi ez zuelako. Hitza ez zaio nahikoa Laboari, behar ditu beste espresabide batzuk. Mikel musikaria zen eta hitza lagungarri bat, hitzak indar nahiko ematen ez zionean orroak, irrintziak eta abar bilatzen zituen’.

Leire Lopez Ziluagak aipatu zuenez Laboaren lana kantautorearen figuratik aldentzen da ‘musika eta hitzen arteko harremana Laboaren kasuan nahiko kuriosoa da. Musikagintzan gure ustez hitzek batzuetan laguntzen dute kanta hobetuz, baina ez da sekula izango kanta baten gauza printzipala. Esaldi batean laburtuta, bada musika ona eta letra txarrak dituen disko on asko, baina ez letra onak eta musika txarra duenik’.

Laboak hitzak idatzizko moldean zein soinu moldean erabili zituen ‘Oroitzen zaitudanean, ama-n esaterako zati batean Sarrionandiaren letra kantatzen du eta beste batean euskararen sonoritatea imitatzen du baina ez du ezer esaten. Euskaraz ez dakienarentzat kanta hori dena bat izan daiteke’. Eztabaida segituan piztu zen, eta eskolakide batek zera aipatu zuen ‘guri imajinario bat sortzen digu horrek, kanpokoari ez. Laboak ez zituen letrak idatzi baina aukeratu egin zituen, horren ondorioz letrak euskaldunon imajinarioan zer bilakatu diren oso inportantea da. Imajinarioa pentsatzeko era da ere bai, Txoria txori letraren kasuan adibidez, garai batean sinbolo bilakatu zen, eta egun oraindik ere bada. Artzeren poemak iraungo zuen kantagatik ez balitz?’.

Eskolakide batek galdetu zuen orduan zein zen Oroitzen zaitudanean, ama? kanta. Beste eskolakideek sergundura kantatu zioten, bulkada berean bat. Zer ahoratu zuen jendeak, letra ala musika? Laboaren lanean poesiak zuen pisua ikusita eztabaida areagotu zen. Zaila izan zen azaldutako iritzietatik ondorioak ateratzea, eta egon zen elementu bien arteko oreka nabarmendu zuenik.

Hizkuntzak

Hizlarien ustez hainbat dira Mikel Laboaren hizkuntzak ‘musika bera, zentzua duten hitzak eta zentzua ez daukatenak, oihuak, gauzak egiteko modua eta eskenatokian zuen jarrera’. Eskolaren bigarren zatian Laboaren hizkuntzei errepaso egin zitzaien haren lanaren zutabe nagusiak aintzat hartuta: euskal kantagintza tradizionala berreskuratzea, idazle garaikideen poemak musikatzea, esperimentazioa.

Aletik alera, kantak entzuteko aukera tartekatuz beti ere, alderdi esperimentalari buruzko gogoeta ugari egin zen, hainbat Lekeitioetan Laboak erabili izan zituen soinu-kolaxetako zatiak azalduta. Eskola osoan zehar entzun izan ziren audioen bitartez Laboaren iturriak (Etxahun Iruriren Belatzak adibidez) eta ondoren etorri diren taldeengan izan duen eragina (Akauzazte…) ekarri zituzten gogora.

Laboaren oholtza gaineko jarrera aintzat hartuta berriz, Komunikazio-inkomunikazio Lekeitioan mikrotik mikrora oholtzan ahotsaren araberako espazioen sorrera adibidez, zera aipatu zuen Rodriguezek ‘Laboaren lanean ezer ez da kasualitatea’. Eta ez zen izan kasualitatea, hortaz, Bonberenean egin izana eskola hau: ondoko gelan grabatua da Txinaurriak. Mikel Laboari Ikasitako Kantuak diskoa, Bidehutsen eskutik. Behinola Txerokeek Laboa eta belaunaldi berrien arteko lotura estua irudikatu zuen moduan, haren ondarea barneratua dugula islatuko du talde-lan berriak.

Leave your response!

Add your comment below, or trackback from your own site. You can also subscribe to these comments via RSS.

Be nice. Keep it clean. Stay on topic. No spam.

You can use these tags:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

This is a Gravatar-enabled weblog. To get your own globally-recognized-avatar, please register at Gravatar.