Home » Datorren eskola, Featured, Literatura Eskola

‘Emakume anitza euskal narratiba garaikidean’ aztertu zuten Literatura Eskolan

20 December 2011 No Comment

Gema Lasartek ‘Emakume anitza euskal narratiba garaikidean’ izeneko saioa eskaini zuen larunbatean Donostiako Ernst Lluch kultur etxean, Literatura Eskolaren egitarauaren barruan. Emakume idazleek 1979tik 2009ra sortutakoari soa botatzea bilatu zuen Lasartek, azkenean jendearen solasarekin ‘emakume anitzari beatu poliedrikoa ematea’ izan zuelarik xede.

Bere buruaren biluzte ariketa literarioarekin hasi zuen Gema Lasartek saioa, ‘funtsean emakume bat dagoelako horren atzean’, performance txiki bat eskainiz kasik. Bere bio eta bibliografiari errepasoa eginez gogoetak proposatzen joan zen, saioaren lehenengo zatia galdera batekin amaitzeko: ‘Zer da idazlea izatea? Zer da literatura sistema, ez al da blof bat?’ Bertaratutakoaren biluzte ariketen haritik etorri zen gogoeta.

Atsedenaldiaren ostean saioaren bigarren zatia egin zen, zeinean Lasartek zehatz laburbildu zituen berriki egin duen tesiaren nondik norakoak. Tesi horretan euskal literaturan emakume idazleek sortutako pertsonaien haritik egiten du gogoeta, zer nolako emakumea(k) islatzen d(it)uen aztertuz. Lasartek esan zuenez ‘konbentzitua nago literaturaren historia egin daitekeela pertsonaiekin bakar-bakarrik, estiolo eta idazlearen momentuari buruzkoaz gain orduko jendarteari buruzko informazio izugarria daukate’.

Horrela sailkatu eta aztertu egin zituen 1979tik 2009ra emakumeek idatzitako liburuetan azaldutako pertsonaia protagonistak. Zein neurritan dira emakumeek sortutako emakume pertsonaiek kaleko jendartearen testigantza? Kritika feministatik abiatuta egin zuen bidea Lasartek, errepresentazio ezaren inguruan galderak luzatuz ‘nire testua egiteko lehen premisa honakoa zen: matematikarientzat matematika zientzia exaktoa den bezala, genero ikuspegitik tesi bat egin behar duen emakume batentzat teoria feminista da zientifikoa, eta ezin da literatur pertsonaia bat gauzatu feminismoak horren inguruan zer dioen pixka bat jakin gabe. Aitortzen diot teoria feministari eta emakumeek urte hauetan guztietan egindako lan guztiari, isildu izan dena sistematikoki, duen autoritate guztia’.

1979 izan zuen abiapuntu beraz, orduan kaleratu zelako mugarri izan zen lan bat: Arantxa Urretabizkaiaren ‘Zergatik panpox?’. Lasarteren esanetan bertakoa ‘lehen literatur pertsonaia femenino protagonista subjektua da, aitzindaria euskal literaturan, orduko kaleko emakumeen askapen mugimenduak zituen berezko kezkekin dialektikan’. Titulu honen presentzia aldarrikatu zuen euskal literaturaren bibliografia kritikoetan.

Objektu/subjektuari dagokionez kalean zegoen eztabaida islatzen zen literaturan? Lasartek erakutsi zuenenez euskal literaturan ere emakumeek subjektu berri horren sorreran bidea egin zuten. Aipatutako urte horien artean 27 dira pertsonaia subjektuak landu dituzten emakumeak,  eta haietan zehar egindako bidaia izan zen Lasartek eskainitakoa.

Indarkeria sinbolikoaz

Bost izan ziren azterketarako ardatz tematikoak: ‘memoria eta modus autobiografikoa’, ‘genero indarkeria’, ‘amatasunaren inguruko diskurtsoak’, ‘emakumea eta nazioa’ eta ‘sexua eta generoaren berridazketa:polizia eleberrien kasua’.

Lasartek proposatutako hariari jarraiki ugariak izan ziren eztabaidara edo behintzat gomutara salto egin zuten gaiak. Indarkeria sinbolikoarena izan zen haietako bat, zeina sarri oso modu inkontzientean azaleratzen den, hala hizkuntzan nola hezkuntzan. Ez da ohikoa horren inguruko islarik topatzea emakumeek idatzitako literaturan. Tarteka atera zen gizon ‘berria’ren gaia ere ‘gizon berririk ez badago jai dugu, asimetria betirako. Legeek ez dute konpontzen indarkeria sinbolikoa’.

Bestelakoa da amatasunaren gaiak literaturan izan duen isla, zabalagoa baita. Aipatutako erreferentzien eta ikuspegien artean agian Lourdes Oñederraren ‘Eta emakumeak sugeari esan zion’ liburuko Teresa da transgresoreena, momentu batean esaten duen ‘nire senarra ni baino amagoa da’ horren lekuko.

Genero indarkeriaren gaia lantzeko orduan esanguratsuak dira gizonezkoek idatzitako eta emakumezkoek idatzitako lanen arteko ezberdintasunak, batez ere genero bortizkeria jasandako emakume pertsonaien kasuan gizonezkoek idatzi izan dituzten lanetan sinesgarritasuna kolokan jartzeko moduko ezaugarri ugari topatu daitezkeelako ‘egoera horretan den emakumeari gogo gutxi geratzen zaio, traumak markatutako fase bat pasa arte bederen, publikoki hitz egiteko eta oro har agertzeko’. Tratu txar eragileen aldeari dagokionez berriz oso gutxi da topa daitekeena ‘interesatzen zaiguna batez ere bestea da, gizonezkoen zergatia’.

‘Ni’ esaten duenean norbaitek identitatea eraikitzen hasten da. ‘Ni’ esan duten ahotsak ugariak eta batez ere anitzak dira emakume idazleen kasuan, oraindik ere ‘Ni’ horren ertzak osatzen eta gizonezko ‘berria’ islatzen duten literatur lanekin elkar osatzen bide luzea badute ere.

Informazio gehiago:

Pertsonaia protagonista femeninoen ezaugarriak eta bilakaera euskal narratiba garaikidean

Amatasunaren gaineko diskurtsoak euskal eleberrigintza garaikidean

Emakumeak protagonista, Iratxe Esnaolaren artikulua Argian

Leave your response!

Add your comment below, or trackback from your own site. You can also subscribe to these comments via RSS.

Be nice. Keep it clean. Stay on topic. No spam.

You can use these tags:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This is a Gravatar-enabled weblog. To get your own globally-recognized-avatar, please register at Gravatar.