Home » 2010/2011, Featured, kaiera, kronikak, Literatura Eskola

Ihes lerroen manifestua

1 November 2010 No Comment

Maria Colera eta Ibai Atutxaren hitzaldien kronika.

Manifestu atzeratua, irakurketa kritikoa. Hitzaldia Lapiko Kritikoan
Maria Coleraren hitzaldia
Manifestu atzeratua 11 telebistan

Ez da nolanahikoa izan aurtengo ikasturtearen hasiera, Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua izanik ardatza. Maria Colera esku egon da testuingurua azaltzearen ardura, Ibai Atutxarenean testuaren irakurketa kritikoa egitea. Nabarra aldizkariaren egoitzan egin zen saioa.

Gogoeta pizgarriak ekarri zituzten akuilulariek, funtsezko gogoeta baten bidetik: ‘Manifestu atzeratua’ 1968koa izanik ere, sekulako gaurkotasuna du. Egun bor-borka dauden eztabaidekin lotzen da bere egunean zentsuratua izan zen Azurmendiren lana.

Izan zirelako gara? Eta nahi dugulako izango gara’ izan zen eskolako lehen partearen titulua. Testuingurua finkatzerakoan Colerak literaturaren izaera eta konkretuki kritikaren arloko kezkak azaleratu zituen, hori guzti hori euskal identitatearen gaiarekin lotuta. Horretarako Ibai Atutxaren beraren aipu batetik abiatu zen: ‘euskal identitate subalternoak bere burua irudikatzeari uko egin dio, inperioa jatorritik eraikitzen saiatzeko, erlazio koloniala justifikatu eta klientelismo hegemonikoak baldintzatutako diskurtsoa sortzen du’.

Colerak Lapiko Kritikoan azaldu izan diren iruzkinak eta pentsamendu ildoak ekarri zituen behin eta berriz gogora, bai literatura eta identitatearen inguruko gogoetak kokatzeko, bai Azurmendiren lanak egungo eztabaidekin duen lotura zuzena frogatzeko.

Lapiko Kritikoan ikusi genuen identitateari eta historiari buruzko eztabaidek bete betean erantzuten ziotela gure kezka bati: gaur egungo borrokaren justifikazioa iragan loriatsu batean bilatu nahia, 1512. urtearen aurretik gatazkarik egon izan ez balitz bezala eta orain nahi eta nahi ez berreraiki beharreko historia hori egiazkoa eta berdaderoa balitz bezala, mitoez erantzia izango balitz bezala, hau da, esentzia borondatearen gainetik. Hortxe kokatu behar dugu manifestu atzeratuari heltzeko erabakia’.

Baina libertatea ez merezi,

irabazi egin behar da,

ez kondairaren, ezpada

gizonaren eta

etorkizunaren aurrean

Coleraren iritziz ‘Manifestu atzeratua’k literaturaren ikuspegiari dagokionez ere gaurkotasun handia du ‘Arestik zioen bezala literaturak mailua izan behar du, hau da, errealitatearen edo adierazitakoaren kanpoko geruza zartatu eta azpian erabilitako hitz, irudi eta kontzeptuetan dauden interes, indar korrelazio eta abarrak azaleratu behar ditu. Garaiko konfrontazio ideologikoari erantzun behar dio, agerikoa dirudiena auzitan jarri eta ezkutuko ideiak azaleratu behar ditu. Esaten dena bezain beste aipatu eta aztertu behar du esaten ez dena, subjektua nola egituratzen den eta zein erreferentzia gune dituen. Guri iruditzen zaigu literatur kritikaren zer eginetako bat hori dela’.

Literatur kritikaren gai honek ekarri zuen eztabaidarik: Atutxaren ustez Euskal Herrian egun ez doa bide horretatik, baina Joseba Gabilondo eta Imanol Galfarsororen lana ekarri zituen gogora baleko erreferentzia gisa ‘gurea literatura ulertzeko ikuspegi filologistaren kontra egindako halako aldarri moduko bat da’. Eskolakide batek Iñigo Aranbarri eta Ur Apalategiren ereduak nabarmendu zituen, maila horretan.

Ihes lerroen manifestua

Ibai Atutxak lehenik eta behin bere lanaren ardatzak azaldu zituen, bere literatur irakurketaren nolakoa, ‘literaturaren ikuspegi tradizionalek planteatzen dutena da literaturak mezu bakarra bidaltzen duela. Mezu hori egia unibertsal bezala planteatzen da, hitzen atzean sakonean dagoen objektu karratu eta higiezin bezala. Gure irakurketa beste bide batetik doa: ez dago egia unibertsal hori, ez dago sakoneko literaturaren esentzia hori. Literatura diskurtsoa da, hortaz irakurketa guztiak dira baliozkoak eta defendatzen dena da irakurketa estrategikoa izatea. Gure planteamendua ez da izango testuaren benetako irakurketa bakarra egitea, testuaren irakurketa baliotsua, aprobetxagarria egitea baizik’.

Ibai Atutxak ihes lerroa delakoaren baliotasuna aldarrikatu zuen ikuspegi horren tresna moduan ‘bitasunetan eraikitako makinak dira modernitatetik eratorritako identitateak, horren bitartetik doan bilakaera bezala uler daiteke ihes lerroa, hau da, beti izango da prozesu bat, inoiz ez absolutua den zerbait. Literaturaren irakurketa dikotomizazio honen aurrean planteatu dugu, ihes lerroen bidez artikulatutako testu bezala irakurri daiteke Manifestu Atzeratua’.

Ihes lerrotik ihes lerrora, poemaren zati batetik bestera, Azurmendiren testutik harilkatu daitekeen gogoeta helarazi zuen Atutxak ‘inperialismoaren kritika egin nahi badugu ezin dugu oposizioan oinarrituta egin, inperioaren estrategiak erabilita berdin baztertzailea izango delako ‘hitz egin dezake subalternoak, hegemoniatik at dagoenak? oposizio horrek zapaltzen duen norbaitek hitza har dezake, diskurtso bat eraiki dezake baztertzaile izan gabe?’ Poeman libertatea irabaztearen betebeharra aurkezten zaigu ‘euskaldunok azpiratutako herri bezala bestearenaganako daukagun zorra libertatea da eta horrek egiten gaitu komunitate, hori azaltzen da euskal komunitatea antiesentzialistaren oinarrian’.

Baina libre izan nahi dugu,

zer kulpa daukat nik.

Eta txeke zuri faltsu baten antzean

Gernikako arbola bat asmatu diguten arren

libre nahia bekatu balitz bezala,

aitzakiaren bat beharko bagenu bezala,

guk, guztiz xinple, libre izan nahi dugu.

Nahi dugu, besterik ez.

Leave your response!

Add your comment below, or trackback from your own site. You can also subscribe to these comments via RSS.

Be nice. Keep it clean. Stay on topic. No spam.

You can use these tags:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This is a Gravatar-enabled weblog. To get your own globally-recognized-avatar, please register at Gravatar.